Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.
J.B. Agirre
IBAN ZALDUA
EUSKALDUN GUZTION
ABERRIA
E L E B E R R I A
A L B E R D A N I A
EUSKALDUN GUZTION
ABERRIA
Nouvelle bat
Euzkotarron aberria Euzkadi da.
Sabino Arana
Nazionalista oro iragana alda
daitekeelako ideiarekin
obsesionaturik bizi da.
Bere denboraren hainbesteko bat
fantasiazko mundu batean pasatzen
du, non gauzak gertatu beharko luketen
bezala gertatzen diren.
George Orwell
“Nekerako bide luzea da bizitza”, utzi zuen idatzita Samuel Butlerrek, eta arrazoia ematen diot egunero, esaldia nire lan mahaiaren aurreko kortxoan egon baita luze, txintxeta batez iltzatuta. Korolario bat eta guzti asmatu nion esaldiari, edo jarraipen bat, ez dakit nola deitu, azpian gehitu niona, post-it batean: “Eta bidea luzatzen delarik, bizitza bera da nekea”. Ni nekatuta sentitzen naiz aspalditik, etsita. Eta Euskadi Ta Askatasuna erakundeak bere azkeneko su-etena amaitutzat eman bezain laster, Euskal Herritik alde egiteko deliberoa hartu dut.
Ia ustekabean, nire eskuari malguki batek eragin izan balio bezala, eta hutsik egin gabe, Henrike Knörr irakaslearen e-mailaren kopia jaso dut mahai gaineko paper pilaren artetik: aspaldi da inprimatu nuela, eta han utzi nuen, beste agiri eta eskutitz ofizialekin nahastuta, sekula erabiltzeko asmoa izan ez banu bezala. Izan ere, eskaintza iritsi zitzaidanean, erokeria iruditu zitzaidan: Anchoragera joatea sei hilabetez –egonaldia gutxienez beste hainbatez luzatzeko aukerarekin–, hango unibertsitateak gonbidatuta, euskal hizkuntza eta kulturako eskolak ematera. Baina hala ere –pentsatu dut– inprimatzeko lana hartu nuen bere garaian, eta berehala aurkitu dut: hori guztia nolabaiteko seinaletzat hartzea beste erremediorik ez dut. Seinaleetan sinesten ez dudan horietakoa naizen arren, edo horrexegatik hain zuzen ere.
Bizkor berrirakurri dut mezua: gogoan nuen bezala, ez da oraindik pasatu eskaera igortzeko data, eta ez dut uste beste inork egin duenik; gauza horiek berehala zabaltzen dira gure mundutxo akademikoan. Outlook-a zabaldu, eta Knörri idazteari lotu natzaio astirik galdu gabe. Amaitu bezain laster, Bidalin klik egin eta luze-zabal eseri naiz nire aulki anatomikoan. Ez dago jada atzera bueltarik.
Anchoragez bi gauza dakizkit. Bata, Alaskan dagoela, hots, oso urrun, eta hori da hain zuzen ere komeni zaidana uneotan, urruntasuna. Eta bigarrena, Michelle Shockeden kanta baten izenburua dela, gaztetan asko entzun nuena.
Hala, Fakultatetik etxera itzuli eta egin dudan lehenengo gauza zinta bilatzea izan da; dezente kostatu zait aurkitzea, Arantzak, nire emazteak, ganbarara eramanarazi zizkidalako, entzuten ez nituelako aitzakiarekin –“Nahikoa daukak hemen hire CD piloarekin!”.
Baina azkenean topatu dut Sony C-90 zaharra, eta kanten izenburuetan Rocioren letra ezagutu dut berehala, hark grabatu baitzizkidan Shockeden lehenengo bi albumak. Bigarrenean dago kanta, eta zinta erdia entzun behar izan dut kantaraino iristerako.
Anchorage
I took time out to write to my old friend
I walked across that burning bridge
I mailed my letter off to Dallas but her reply came from
Anchorage, Alaska
She said, Hey girl it’s about time you wrote
It’s been over two years, my old friend
Take me back to the days of the foreign telegrams
And the all night rock and rolling
Hey Chel we was wild then
Hey Chel you know it’s kinda funny
Texas always seems so big
But you know you’re in the largest state in the Union
When you’re anchored down in Anchorage
Hey girl I think the last time I saw you
Was on me and Leroy’s wedding day
What was the name of that love song you played?
I forgot how it goes
I don’t recall how it goes
Anchorage
Anchored down in Anchorage
Leroy got a better job so we moved
Kevin lost a tooth, he’s started school
I’ve got a brand new eight month old baby girl
I sound like a housewife
Hey Chel, I think I’m a housewife
Hey girl what’s it like to be in New York?
New York City, imagine that
What’s it like to be a skateboard punk rocker?
Leroy says send a picture
Leroy says hello
Leroy says keep on rocking, girl
Keep on rocking
Hey Chel, you know it’s kind of funny
Texas always seemed so big
But you know you’re in the largest state in the union
When you’re anchored down in Anchorage
Oh, Anchorage
Anchored down in Anchorage
Oh, Anchorage
Rociorekin gogoratu naiz, ezinbestean, kanta entzun orduko. Tira, hau literatur topiko bat besterik ez da, Prousten madalenaren zehar-kalte ugari horietako bat: lehenagotik gogoratu naiz Rociorekin, zinta bilatzeko asmoa bururatu zaidanetik. Edonola ere, eta literaturakeriarekin jarraitzeko: non ibiliko da orain Rocio? Badira zazpi urte ikusten ez dudala, gutxienez. Ezkondu zela esan zidaten ez oso aspaldi, Teresa izeneko emakume batekin; uste dut aurkeztu zidala behin, elkar ikusi genuen azkeneko aldietako batean. Michelle Shocked Rocioren fetixea zen duela hogei urte, estudiante pisu hartan elkar ezagutu genuenean: etengabe ipintzen zuen eta, nola ez, luze gabe grabatu zidan. Niri ez zitzaidan hainbeste gustatzen, “Anchorage” kanta bera salbu, agian garai hartan dezente entzuten zelako irratian, Radio 3en eta abar. Onartu behar da ederra dela, eta tristea. Agian abestiaren oihartzuna izan zen Knörren e-maila inprimatzera eta gordetzera bultzatu ninduen gakoa. Iragana eta etorkizuna gurutzatzen diren korapilo ia sumaezin horietako bat. Baina hasi naiz berriro ere seinalearen kontuarekin.
Zinta birbobinatu eta berriro entzun dut “Anchorage”. Idatzi beharko al nioke nik ere, edo deitu, Rociori, kantak iradokitzen duen bezala? Haren helbiderik ez dut, ezta telefono zenbakirik ere, baina lortzea ez litzaidake zaila izango, adiskideen bitartez. Baita posta elektronikoaren helbidea ere, halakorik balu. Hey, neska, aspaldi dun ez diogula elkar idazten, zazpi urte baino gehiago, ene adiskide zaharra, eraman nazan gure ikasle pisuaren egunetara, eta gaupasa amaigabeenetara, Hey, Rocio, basatiak gintunan orduan. Gogoratzen al haiz Michelle Shockeden kanta hartaz?
Ez diot idatziko. Inola ere ez.
Irrigarria da. Ibiltzen nintzen neska guztiak gerora lesbianak bihurtzen zirela pentsatzera heldu nintzen garai batean, bizpahiruk egin baitzuen ibilbide bera denbora gutxian. Nik galdetzen nien –banaketa baketsua izan bazen– zergatiaz, eta haiek, jakina, erantzuten zidaten erabakiak ez zuela nirekin zer ikusirik, esperimentatzen ari zirela, pertsona jakin hartaz maitemindu zirela, ez zuela loturarik neska edo mutila izatearekin. “Hik zer uste duk? Jendea A edo B dela, ez dagoela beste aukerarik? Klasifikazio horiek jendea hobeto kontrolatzeko amarruak besterik ez dituk. Ez al duk Foucault irakurri, ala?”: mota horretako gauzak esaten zizkidaten. Baina niri beldur hori geratu zitzaidan urte luzeetan zehar, harreman bat hasterakoan berriro ere piztu ohi zitzaidana: ez ote zen neska hura, aurreko haiek bezala, lesbiana bihurtuko elkarren artekoa –gutxi irauten zuena, oro har– apurtu ostean. Nirekin irtetea, gutxirako izanda ere, maskulinotasuna betiko arbuiatzeko bide segurua izango balitz bezala. Zer edo zer oso gaizki egiten nuelako beldurra, alegia.
Irrigarria da, ados, baina halaxe uste nuen garai batean, Arantzarekin ateratzen hasi nintzen arte behintzat. Zazpi urte daramatzagu elkarrekin, eta dauzkagun arazoak oso bestelakoak dira. Badakit, adibidez, ez duela batere ondo hartuko Anchoragera alde egiteko nire erabakia; kanpoan afaltzera gonbidatu dut kontu guztia azaltzeko, baina horrek ez ditu gauzak gozatzen lagunduko, eta sesioa izango dugu. Baina nahiago dut sesioa izatea ondo afaltzen ari naizen bitartean, gure sukaldean baino.
Irrigarria da, baina, hala eta guztiz ere, noizean behin galdetzen diot Arantzari, telebistan Angelina Jolie edo Amy Winehouse agertzen direnean, adibidez, edo kalean emakume mardul batekin gurutzatzen garenean, ea gustuko dituen. Arantzak arraro begiratzen dit halakoetan, eta ezetz erantzuten dit beti, ergel bat naizela gauza horiek galdetzeagatik. Edonola ere aitor dut beti izango dudala barruan zalantza txiki bat, halako galdera bati baiezkoarekin erantzuten didanean indartsu berpiztuko zaidana.
–Ez dun erreboiloa probatu, Arantza. Oso itxura ona zaukan. Marmelada moduko hori albahakazkoa izango dun, ezta…?
–Ezin diat sinetsi, Joseba. Ameriketara hoala, eta horrela esaten didak, besterik gabe, egun batetik bestera? Nire iritziak ezertarako balio ez balu bezala?
–Aukera bat dun, Arantza, aukera ona. Giroa itogarria dun hemen, hori nik bezain ondo dakin. Eta seihileko bat besterik ez dun.
–Luzatzeko aukerarekin.
–Hori kontratuaren xehetasun bat besterik ez dun. Gainera, oraindik ez zidaten baiezkoa eman.
–Baina emango diate. Eta ez diat uste beste inork alde egin nahiko duenik zulo horretara eskolak ematera. Zer galdu zaio inori han?
–Baiezkoa ematen bazidaten, haiekin hitz egin zezakenat, eta agian, hik nahi badun, nirekin etortzen utziko…
–Ni, hara joan? Erotuta hago, ala? Eta zer uste duk egingo dudala nire lanarekin? Utzi? Sasoi honetan, gainera? Gogorarazten diat hurrengo ekitaldian Ezeiza planaren txostena landu behar dugula eta…
–Tira, tira, ideia bat besterik ez zunan; ez jarri horrela…
–Nola nahi duk jartzea bestela?
–Hik ez dun ulertzen, Arantza. Alde egitea komeni zaidan, uneotan. ETAk horrela jarraitzen badin, laster asko egongo naun haren jopuntuan.
–Hi? Ez barregurarik eman, mesedez.
–Azkeneko Zutaben zeharkako aipamen bat egiten zitenan nire kontra.
–Aipamena bazen, ezin zeharkakoa izan, Joseba. Zer demontre da eldarnio berri hau?
–Ez ninditenan izen-abizenez aipatzen, jakina. Baina mehatxu egiten zietenan “Espainiarentzat lan zikina egiten ari diren sasi-intelektual horiei guztiei”. Mehatxu zuzena.
–Eta hik uste duk…?
–Nire zutabeei buruz ari zitunan, ziur nago! Besteak beste…
–Hi pitzatuta hago! Zer uste duk, hire ergelkeriak irakurtzeko lana hartzen dutela, ala? Noiz ausartu haiz hi politikaz idazten, gainera…?
–Ba lehengoan, esaterako: taberna kontu horretaz aritu nintzenean. Hura mikrokosmos baten gisa irudikatu ninan, eta alegorikoki, nik…
–Bai eta zera ere! Hire zutabeak ez dizkik inork ulertzen eta… Beste aitzakia bat asmatu beharko duk, motel.
–Nahi dunana pentsatu, Arantza, baina…
–Ba al dakik benetan zer pentsatzen dudan, Joseba?
–Ez, baina ziur nagon berehala jakingo dudala.
–Hau guztia aitzakia bat besterik ez dela lehengoan hitz egin genuena beste behin ere atzeratzeko.
–Joder, hasi gara berriro ere…?
–Datorren ikasturtean saiatuko ginela agindu hidan. Eta hara non, derrepentean, nora eta Alaskara joango duk señoritoa… Ez al da susmagarria?
–Ba hurrengoan saiatuko gaitun, emakumea, zer axola…